XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Praga-ren inguruan Bohemia eta Morabia hazi dira, txekotar osteak beraz; eta Bratislaba-ren inguruan Eslobakia.

Bohemia-Morabia eskualdeak mende asko pasa ditu Austria-ren menpean; eta, hau dala-ta bere arriskua germanitartzea izan da.

Berebat Eslobakia Hungria-ren menpean egon da luzaz; eta bere arriskua magyartartzea izan da, hungriatartzea.

(Gauza bera gertatu zaie, jakina, serbitarrei eta kroazitarrei, galiziarrei eta portugesei, flamendarrei eta nerlandatarrei ipar-aldeko eta hego-aldeko kurdotarrei, katalunarrei; eta... geuri noski!).

Arrisku horiek ez dira arrisku huts egon: mamitu ere egin dira, Txekoslobakia zatituz.

Silesia-ko eskualdea, berez eslaboa, ia osorik aleman egin da, eta Alemania-ko probintzia bihurtu.

Lusazia-n, orobat, mende huntan bukatu da bertako hizkuntza; batez ere Hitler-en garaiean basaki zapaldua.

Eta Ekialdeko Rutenia, azkenik, erdi eslobakiar erdi ukraniar, gaur U.R.S.S.en eskuetara pasa da.

Txekoslobakia-k, beraz, gaur bi parte ditu: Bohemia-Morabia bata (txekotar herrialdea); eta Eslobakia bestea (eslobakiarra).

Beste aldakuntza asko bezela hau ere Mosku-k ez badu debekatzen, Urrila huntantxe Txekoslobakia Federazio bihurtu da; eta bi erresuma federatu eta bi gobernu izango ditu aurrerakoan: Praga-n bat, Bratislaba-n bestea.

Bata eta bestea ethniaz oso antzekoak izanik ere, anaia bizkiak egiazki, Kondairan mende askotan zehar berezirik pasa ondoren, federazio gisa alkartzea erabaki dute.

Ez zan hau Thomas Masaryk-en nahia...

Txekoslobakia-ren beheratzapena osoki aztertzea luzeegi litzake.

Austria-ko inperioak azkenaldian zapalduta (nahiz luzaz autonomia izanik ere), Txekoslobakia Hogei-Ta-Hamar Urteetako gerla gogorrak desegin zuen orain dala hiru mende.

Txekoslobakia-ko herriak Erreforma hautaturik zeukan aspaldidanik (Joan Hus ez zan hereje huts bat, eta ez lehendabizikoa urte nahasi eta itxaropengarri haietan; Txekoslobakia-ko abertzaletasunaren aita baizik).

Biena-ko Gortea, Madrille-koaren kidea alde askotatik, katoliku egon zan.

Erlijio-arazo hau ezagugarri, aurrerazaletasuna, txekotar abertzaletasuna eta Erreforma batetik; eta atzerakeria Biena-ko Inperialismoa eta katolikutasuna bestetik, Hogei-Ta-Hamar Urteetako Gerlak desegin egin zuen Bohemia-Morabia; eta hunen hondamendia orduan hasi zan.

Bertako aiton-semeei, aleman aiton-semeak nagusitu zitzaizkien; bertako nekazariei lurrak kendu, eta germandar puntuzkoei eta Eliza-ri banatu zitzaizkien, horrez gainean egundoko zergak bertakoei ordainaraziz; txekera debekatua izan zan, eta alemanera hizkuntza ofizialtzat jarri: (...).